El Idioma Imposible
Michel Gaztambide gidoigintza irakasle bikain eta zorrotza da, baina horren aurretik gure inguruko gidoilari garrantzitsuenetakoa ere bada. Behiak (1992) eta La Caja 507 (2002), esaterako, klasiko handiak dira. Aste honetan estreinatu den El Idioma Imposible (2010) ere seguru urrezko zerrendan sartuko dela. Hemen trailerra:
Rodrigo Roderok zuzendu du pelikula, eta Gaztambidek eta biek idatzi dute. Fernando izeneko anfetamina banatzailearen gorabeherak kontatzen ditu filmeak. Fernando Bartzelonako txinatar auzoan bizi da neskalagunarekin, eta batera edo bestera aurre egin behar die hiriko izaki bitxi eta kode partikularrei. Zorionak eta zorte on lan honekin, Gaztambide.
Bideojokoen gidoia
Ezin egon bideojokorik aipatu gabe. Izan ere, ez diogu geure buruari harrika egingo, ezta? Telebistak etorkizun oparoa badauka, bideojokoek... baita. Eta zenbat eta bizkorrago hasi hauen beharrizanetara moldatzen, hobeto.
VidaExtra.com orrialdeko lagunek Jeffrey Yohalem-i elkarrizketa egin diote, Assassin’ s Creed jokoetako gidoilariari hain zuzen ere. Honek argi uzten du zer den eta zer ez den bideojokoetako gidoia, eta uste dugu, Gidoi Faktorian, oso lezio garrantzitsua ematen duela Jeffrey-k:
- Vidaextra: Zein garrantzia dauka gidoiak bideojoko batean? Jolasteko era baino garrantzitsuagoa dela uste duzu?
- Jeffrey Yohalem: Ez, ezta pentsatu ere. Jokatzeko era, mekanika, gidoia baino garrantzitsuagoa da beti. Jokatzeko era jokoaren erdigunea da, jokoari zentzua ematen diona hori da. Gidoilaria naiz, baina diseinatzailea ere bai, eta garrantzia handia ematen diot interakzio onari. Bideojokoak gehiago dira esperientzia sortzea ipuina kontatzea baino.
Jeffrey-k lezio ederra ematen digu: ez dago bidezidorrik. Euskarri bakoitzak bere izaera dauka eta kitto. Bideojokoetako gidoilari izan nahi baduzu, argi izan behar duzu hori.
Gaiz aldatu aurretik, hona hemen Mark Llobres Fable III-ko gidoilariari egindako elkarrizketa:
Dena ere ez, eh!
Bukatzeko, Angélica Aragón telenobela-aktore mexikarraren hitzak erreproduzituko ditugu. Honakoa gertatu zen bere ustez "lotsagarria" den gidoia irakurri zuenean (hemen albiste osoa)
“Nire senarraren maitaleari deitu nion gauzak argitzeko. Gidoiak zera zioen: belarrondokoa emango diozu jatetxe publiko batean. Patriciarekin [maitalea antzezten duen aktorearekin] hitz egin nuen eta erabaki genuen ez genuela egingo. Gidoia puskatu genuen. [...] Emakumeak ez gara horrelakoak, eta horrelakorik bada, nik ez dut antzeztu nahi, hori esan nion produkzio taldeari. Patriciak eta biok benetako emakumeen jokaera islatu genuen azkenean. Esan nion bukatu nuela, ez nuela nire gizona behar. Bere egin zezala bost aldiz engainatu ninduen, belarriak garbitzeko gai ez zen, bihotzetik gaizki zebilen, zurrungak egiten zituen gizon lodikote hura.
Impagable esaten dena.
